Política Estado Español

EUSKAL HERRIA

Kataluniako errepresioaren kontra, Euskal Herriak elkartasunez erantzuten du 42.000 pertsonekin kaleetan

Atzo 42.000 pertsona elkartu ziren Donostian, Kataluniarekin elkartasunez, procés-aren sententziaren eta Estatuaren errepresioaren kontra, preso politikoen askatasuna eta "zuzenki demokraziaren bihotza erasotzen duen kondenarekiko aterabide demokratikoa" exigituz.

Domingo 20 de octubre de 2019 | 16:17

Azken egunotan Kataluniarekin elkartasuna erakusteko hainbat mobilizazio egon dira, izan gazterian edota langilerian, antolakunde sindikal eta politiko ezberdinen greba eta mobilizazio deialdiarekin. Atzo urriak 19, Katalunian eta Madrilen bezala, Euskal Herria kalera atera zen bertze behin, indar, elkartasun eta batasun erakusketa masiboan.

Kataluniaren elkartasun deialdiari egin erantzuna indartsua izan zen, Gure Esku Dagok, ELA eta LAB sindikatuek, EAJ, EH BILDU eta Elkarrekin Podemos alderdi politikoek motibaturik. Adinekoak, langileak, haurrak eta gazteak etxetik atera ziren helburu berarekin: Auzitegi Gorenaren epaia salatzeko indarrak gehitzea. Hala, Euskal Herriko baita Kataluniako txoko ezberdinetatik etorritako 42.000 pertsonek Gipuzkoako hiriburuko kaleak bete zituzten.

Manifestazio-buruan, "Askatasuna. Erreferenduma ez da delitua. Erabakitzeko eskubidea defenda dezagun" lema zuen pankarta zeramaten hainbat pertsona publikok: Anari abeslaria, Carlos Garikoetxea lehendakari ohia, Jule Goikoetxea filosofoa, Xabier Euzkitze kazetaria, Gema Zabaleta aholkulari ohia, baita Fermin Muguruza eta Lluis Llach musikariak ere, bertzeak bertze.

Lluis Llach musikari ezagunak, Junts Pel Si-ren diputatu ohi izandakoak, martxa aurreko deklarazio itzulia ireki zuen, Kataluniako mobilizazioaren izaera "baketsua" aldarrikatuz eta "Estatu Espainola askatasun demokratikoekin eta Konstituzioarekin amaitzen ari da. Sententziak oinarrizko behar demokratikoak baliogabetu" dituela salatuz.

Katalunia ez zaude bakarrik: Katalunia libre! Presoak askatu! Aurrera Katalunia!

Manifestazioa hasi baina ordu bete lehenago hasi ziren Donostiako kaleak betetzen, hiria manifestazioaren jende kopuru ikaragarriaz ohartaraziz; ehunka pertsonek elkartasuna adierazteko lazo eta txistu horiak soinean, ikurriña eta senyerak airean gainezka ezarri baitzituzten hiriburuko karrikak. Izan ere, manifestazioaren hasiera puntua milaka pertsonek zeharkatu zuten 50 minutuz!

Pertsona kopuru harrigarria dela medio, mantso baino txaloka eta oihuka hasi zen martxa: gehitzen joan zen zutabe bakoitza txalo bero eta indartsuez agurtzen zen, "Katalunia Askatu!", "Presoak askatu!" eta "Independentzia!" oihuekin ongi etorria eginez.

Elkartasunez eta emozioz beteriko giroak, hiriburuko kaleak oihuz betetzeko beharrak argi utzi du: Katalunia ez dago bakarrik! Hainbat elkartasun pankarta ikusgarri ziren, bai martxako pertsonen artean baita manifestazioa ailegatzea "Katalunia aurrera!" aldarriaren garrasiekin itxoiten zuten pertsonen artean ere.

"Haiek preso daudeno, ez gara libre izango"

Martxa hasi eta ordu bete geroago, manifestazio-burua Boulevardeko kioskorat ailegatzen zen, ibilaldiaren amaieratzat hautatu puntu enblematikoa. Hasiera puntuan oraindik ere pertsonak pasatzen ziren heinean, mobilizazioaren antolakunde nagusiak hitza hartzen hasi ziren.

Gure Esku Dagoren ordezkari Josu Etxaburuk Kataluniari, procés-aren preso politikoei eta bederatzi euskal preso politikoei, hots duela 3 urte kartzelan sartu eta 9 urteko kondena betetzen ari diren Altsasuko gazteei besarkada bana bidali nahi izan zien. "Haiek preso daudeno ez gara libre izango" ondorioztatu zuen.

Amalur Alvarezek, Gure Eskuren bertze ordezkarietako batek, "injustizia izugarriaren aurrean gaude, zigor eredugarriaren eta ez egiazko justiziaren aurrean. Izaera politiko argiko sententzia eta prozesu judiziala dira, ez dena isolatua, Altsasuko gazteei gertatutakoak erakusten duen bezala", salatu zuen.

Amalurrek salaketaren ildoan jarraituz, "mobilizazio sozialen, protesta masiboaren, disidentzia politikoaren, desobedientzia zibilaren, eta baita autodeterminazio eskubidearen eta erabakitzeko eskubidea den printzipio demokratikoaren inoiz ez bezalako kriminalizazio baten aurrean gaude", azpimarratu zuen.

Horrelako zalantza eta zailtasun momentuen aurrean, Gure Esku Dagoren mezua argia da: "Optimismoz eta beldurrik gabe egin behar diegu aurre. Ezer ez denean ziurra, dena posible da".

Ororen buru, amaiera izan zen momenturik hunkigarriena, manifestazio jendetsuko 42.000 ahotsek elkarrekin Luis Llachen L’Estaca kantatu zutelarik, kantariaren parte hartzearekin.






Temas relacionados

#SentenciaProces   /   Euskal Herria   /   Política Estado Español

Comentarios

DEJAR COMENTARIO